XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL MORFOLOGIAREN ZENBAIT GORABEHERA

Jaun-andreok: Biziro eskertzen dut zuen aurrean hitz egiteko ematen zaidan aukera hau, eta hitz ematen dizuet ahaleginak eginen ditudala aspergarriegi gerta ez nakizuen.

Hizkuntza guztiek dituzte beren legeak.

Lege batzuk hizkuntza guztiek betetzen dituzte.

Lege horiek, Goenaga irakasleari jarraituz, betiko legeak dei genitzake.

Betiko lege horiek alde batera utzita, hizkuntza ezberdinek lege ezberdinak izaten dituzte.

Esate baterako, gaztelaraz hitza r-rekin has daiteke: rey.

Euskaraz, ordea, ez: errege.

Edo eta, gaztelarazko hizkalki batzuetan hitza d-rekin buka daiteke: sed maldad.

Euskaran, ordea, ez dago d-rekin bukatzen den hitzik (Bidankozeko dud hartzaz ahazten bagara, behintzat).

Gisa berean, ez dago euskaran g-rekin bukatzen den hitzik.

Gramatika-arauek edo erregelek hizkuntza baten legeak adierazten dituzte markakera edo notazio orokor eta egoki batean.

Gramatika-sail honetan, tajuz hautatuko laburpen batzuek, bai eta ikur edo marka berezi batzuek, lana askoz errazten digute.

Entzuleak ez nekatzearren horietarik ahalik gutxien erabiliko dut.

Baten batzuk ageriko dira alabainan, apropos direnean.

Halaxe, komeni zaigulako, orain # delako markaz hitzaren mugak adieraziko ditugu.

Beraz # etxea # eta # didazu# idatz ditzakegu etxea eta didazu-en ordez.

Lehen aipatu dugun legea orain honela idatz liteke: *...d # eta *...g #.

Hori ulertzeko, hizkuntzalariek zerbaiten aurrean * izartxoa jartzen dutenean, hori ez dagoela gure hizkuntzan esan nahi dutela jakin behar duzue.

Zer ez dago, bada, hemen? Lehen esan duguna: d-rekin nahiz g-rekin bukatzen den hitzik.

Bainan, hori bera esateko, beste era bat hobea ere ba-da.

Honelaxe: (...).